Logo : Iraulketa - Le renversement

Catégorie : Euskaraz

  • Klima eta zerbitzu publikoak: borroka bera!

    Klima eta zerbitzu publikoak: borroka bera!

    Iraulketa #2


    Uda hilgarria izan da. Langile-auzoetako biztanleek, prekarietate-egoeran dauden pertsonek, adinekoek, gaixoek, desgaitasuna duten pertsonek, egurats zabalean lan egiten dutenek eta kalean lo egiten dutenek prezio garestia ordaindu dute. Bero-boladak desberdintasun guztiak areagotu ditu, eta, aldi berean, megasuteek Frantziako Estatua suntsitu dute.

    Nekazariak, jada nekazaritza-industriari aurre egin behar diotenak, arriskuan daude. Austeritate-politikek murriztu eta ahuldu dituzten zerbitzu publikoen defentsan, suhiltzaileak, osasun-langileak eta irakasleak, lehen lerroan egon dira.

    Egoera hori aurreikus zitekeen, eta are larriagoa izango da berotegi-efektuko gasen isurketak modu drastikoan eta azkar murrizten ez baditugu.Baina kapitalistak TotalEnergiesen, industria kimikoaren eta nekazaritza-industriaren alde jarri dira: haien alde. Canadair hegazkinak ez zeuden garaiz, soldatak ez dira igotzen, baina LBD gomazko balak garaiz iristen dira, uraska erraldoiak eta autobideak defendatzeko.


    Klima-krisiak, biodibertsitatearen kolapsoak eta desberdintasunek jatorri bera dute: kapitalismoak irabaziak jartzen ditu giza beharren eta planetaren mugen gainetik. Ez dugu klima salbatuko herri-klaseei gutxiago kontsumitzeko eskatuz, gutxiengo batek gero eta gehiago pilatzen duen bitartean. Trantsizio ekologikoa soziala izango da, edo porrot egingo du.


    Dirua dagoen lekutik hasi behar dugu dirua jasotzen: fortuna handiak eta enpresen irabaziak zergapetu, zerbitzu publikoak masiboki finantzatzeko. Osasuna, hezkuntza, etxebizitza, ura, energia eta garraioa eskubideak dira, ez salgaiak! Oinarrizko beharrizanetarako sarbidea pertsona guztientzat bermatu behar da. Doakotasunak eta tarifa progresiboek ezinbesteko erabilerak babesteko aukera emango luke, eta, aldi berean, gehiegizko kontsumoak ekarpen handiagoa egitea eragingo luke. Zerbitzu publiko horiek garatzea, edo berriak sortzea, herritarren kontrolpean, klima-krisiari aurre egiteko modurik onena da. Horregatik, funtzio publikoko grebari babesa eman behar diogu, irailaren 29ko astearte honetatik aurrera.


    Sektore estrategikoek, bereziki —energia, ura, garraioa eta finantzak—, ezin dute irabaziaren logikaren arabera jarraitu. Kontrol demokratikoaren pean jarri behar dira, ekoizpena gure beharrizan kolektiboetara bideratzeko, justizia sozialaren eta ekosistemen zaintzaren printzipioen arabera. Horrela, etxebizitzak berritu ahal izango ditugu isolamendu termiko eskasari aurre egiteko; garraio publikoa, energia berriztagarri garbiak eta tokiko nekazaritza ekologikoa garatu; eta zaintza zein pertsonentzako zerbitzuak indartu. Enplegu erabilgarriak, duinak eta sozialki beharrezkoak sortuko ditugu.

  • Faxismoak erailtzen du : Parisetik Biarritzera, ezin diegu kalea faxistei utzi

    Iraulketa #1

    Astelehena, hilak 7tik aurrera, Loïk Le Priol eta Romain Bouvier epaituko dituzte Federico Martín Arambururen hilketa eta hilketa saiakera dela eta. 2022ko martxoaren 19an, Biarritz Olympiqueko argentinar errugbilari ohia, hainbat tiroz erail zuten, Parisko Boulevard Saint-Germain kalean. Bere hiltzaileak, eskuin muturreko militanteak eta GUDeko kide ohiak, gaur Justiziaren aurrean agertukodira. Loïk Le Priol, militar ohia, hilketagatik epaituko dute; Romain Bouvier, berriz, hilketa saiakerarengatik.

    Hiru astez, epaitegiak gau tragiko hartara itzuli beharko du. Baina epaiketaz harago, kasu honek errealitate bat gogorarazi behar digu, mutur eskuinaren hedabideetako eta politikako normalizazioak desagerrarazi nahi duena: faxismoa erailtzen du.

    Biarritzen ere, eskuin muturra plantatzen saiatzen da 

    Gaurkotasun horrek, oihartzun berezia du gure artean, azaroan Biarritzen Frantziako Kanonaren ekitaldi bat iragarri baita.

    Duela zenbait urtetik hona, eskuin muturra tokiko, imajinario, tradizio eta kulturetan sartzen saiatu da, batezere horrelako gertaeren bidez. Identitateen, folklorearen eta tradizioen zaintzale gisa aurkezten saiatzen da, bere proiektu guztiz erreakzionario, nazionalista eta xenofoboa hobeto zabaltzeko.

    Kultura-borrokaren estrategia horri politika arloan aurre egin behar zaio. Ez dugu utziko eskuin muturrari EuskalHerria berreskuratzen bere pozoia bertan zabaltzeko.

    Tokiko, politikoen isiltasunak edo ekintza ezak kezka handiagoa sortzen du, eskuin muturrak hirian bere presentzia normalizatzen saiatzen ari delako.

    Faxismoa kalean eta hautetsontzietan borrokatzen da

    Eskuin muturraren aurrean, printzipio-deklarazioak ez dira nahikoak. Erantzun kolektibo, antifaxista eta herrikoia eraiki behar da, auzoetan, elkarteetan, sindikatuetan, lantokietan eta ikastokietan.

    Ez dugu isiltasuna eta etsipena aukeratu nahi. Ez dugu ezer espero erakundeetatik eta Estatutik, sarritan ideia nazkagarri horiek normalizatzen laguntzen baitute.

    Borroka hau antifaxismoan, internazionalismoan eta ordena kapitalistarekin hausteko borondatean aitortzen diren guztiei dagokie. Indar horiei guztiei, bereziki abertzaleei, dei egiten diegu: bil gaitezen, antola gaitezen eta eraiki dezagun elkarrekin benetako fronte antifaxista bat. 

    Hurrengo hauteskunde presidentzialen atarian, mobilizazio hori erronka politiko ere bilakatu behar da: eskuin muturrak irabaz ez dezan eta hausturako ezker bat sortzen lagun dezan, etsipena eta amorrua elikatzen dituzten arrazoi sozialei aurre egiteko gai izango dena.

    Eraiki dezagun fronte antifaxista!

    Antola gaitezen hausturaren aldeko ezkerrak irabaz dezan!

    Faxistentzat kuartelik ez!